Gure bizitza lur gainean egiten dugunez, bertan moldatzeko gaitasunak eta abileziak berez barneratu ditugu eta jarraitzen ditugu barneratzen, jaiotzetik egunero bizi ditugun esperientzien laguntzaz.
Uretan ordea, ezberdina da. Esan daiteke, uretako esperientzia bizitzen ez bada, bertan moldatzeko beharrezko gaitasunak ez ditugula landuko. Beraz, oso garrantzitsua iruditzen zait, ahalik eta lasterren izatea haurrak urarekin kontaktua. Izan ere, kontaktu honek, haurraren motrizitatea hobeki garatzea badakar ere, beste hainbat alorretan badu bere egundoko garrantzia, besteak beste: arlo psikologiko, afektibo, sozial nahiz kognitiboan, eta baita haurraren pertzepzio, sormen eta jolas gaitasunaren bilakaeran ere.
Jarraian, laburki azalduko dut, urak, haurraren garapenean duen garrantzia. Horretarako, arlo ezberdinetan nabarmentzen diren ezaugarriak luzatuko ditut:
Sistema fisiologikoa eta gaitasun fisikoak:
Igeriketa, gihar kopuru handiena erabiltzen deneko jarduera fisikoa izanik, haurraren garapen fisikoan lagungarria da. Adibidez, gaitasun fisikoen hobekuntza orokorra (indarra eta erresistentzia gaitasuna handitzen dira, koordinazioa eta arintasuna hobetu), eta aparatu lokomotorearen garapena bultzatzen dute. Gorputzeko sistemen heltze eta garatze prozesuan ere lagungarria da: zirkulazio eta arnas sistemak indartzen dituzte (uretan egiten den arnasketa lanak oxigeno hartzea eta odolaren bidez garraiatzea hobetzen du) hezurren osaketan lagundu…Garapen Psikomotorea:
Garapen psikomotorea errazten da, haurrari espazioa konkistatzeko aukera berria eskaintzen zaiolako. Haur txikiari tridimentsionalki mugitzeko aukera eta lurrean ez bezalako mugimendu askatasun handia eskaintzen dizkio urak. Horrela, bere jakintza motorea erruz aberastuko duten mugimenduak eta esperientziak izango ditu uretan. Gainera, desplazamenduari eta distantziari dagozkion nozioak bereganatuko ditu, koordinazio motorearen garapenerako garrantzitsu izango direnak.Psikea:
Pixkanaka, haurra ura ezagutuz eta inguru berri honetara egokituz joaten da. Inguru eta baldintza berriei aurre egiteak bere ezintasunez eta ahalmenez ohartzen laguntzen dio haurrari. Era berean, ezagutze eta moldatze horretan gero eta ziurtasun eta autonomia handiagoa lortzen doan heinean, bere buruan konfiantza handiagoa hartuz joango da eta horrek auto-estimua hobetzen lagunduko dio.
Pertzepzio eta adimen gaitasuna:
Ikerketa batzuen arabera, ur jardueretan parte hartzen duten haurtxoek emaitza hobeak lortzen dituzte eskolan, baina oraindik ez dago ikerketa argigarririk gai horren inguruan. Hala ere, jarduera hauen bitartez haurrak jasotzen duen etengabeko estimulazioa dela eta, onartzen da jarduerak haurtxoaren adimenaren bilakaeran eragin positiboa izango duela, ingurunearen pertzepzio gaitasuna eta sormena areagotuz. Gainera, urak haur txikiaren jolas gaitasuna kitzikatzen du, eta horrek garrantzi handia du haurraren ondorengo ikaskuntza prozesuetan.Garapen sozio-afektiboa:
Arlo afektiboari dagokionez, esan daiteke, jarduera ezberdinak burutzean, gurasoen eta haurraren arteko erlazio afektiboa hartzen dela kontuan. Kontuan izan behar da gurasoen jokaerak eta erreakzioek garrantzi handia izango dutela haurtxoarengan. Haurrak gurasoen aurpegia "irakurtzen" ikasten du, eta, beraz, haiengandik jasotzen du esperientzia berri horien esanahi afektibo eta emozionala.
Bestalde, haur txikiaren lehen sozializazio esperientzia izaten dira sarri uretako jarduerok. Horrela, haurraren sozializazioa modu ludikoan hasten da, guraso eta haurren arteko harreman estuari pixkanaka irakaslearen presentzia ere gehitzen zaio eta igerilekuan beste haurrekin eta haien gurasoekin batera egoten da. Haurrak komunikatzeko eta taldearen baitan garatzeko konfiantza handiagoa hartzen du.Gehigarri bezala, esan nahi dut, jarduera hauek ondo egiten badira, umeek, egundoko plazerra sentitzen dute.


No hay comentarios:
Publicar un comentario